Posts tagged ‘hedabideak’

julio 29, 2012

Iritsi da akordioa!

 

Jakina da hedabide gehienei ez zaiela batere interesatzen langileon borroka zabaltzea, gutxiago oraindik boteretxuenen gehiegikeriak zabaltzea. Gure borrokak iraun duen bitartean horrelaxe ikusi ahal izan dugu. Iha inork ez digu kasurik ere egin hedabide nagusienen artean. Eta borroka arrakastaz amaitu dugunean? Ba pentsa, gutxiago oraindik. Botere ekonomikoaren zerbitzura daudenei ez zaie interesatzen borrokaren ondorioak arrakastatsuak direla zabaltzea. Lo nahi gaituzte, kokilduta, ixilik.

Gure kasuan hedabide bakar bat libra dezakegu kritika hauetatik: Berria Gipuzkoa edo Euskal Herri mailako hedabideen artean bakarra izan da gure borroka jarraitu eta zabaldu duena. Mila esker!

Langileon borroka ez da alperrikakoa INOIZ. Zulotik ateratzeko badago itxaropenik. Eskubideak geure eskuetan mantetzeko badugu aukerarik. Baino bidea bakarra da: borroka.

Ondorengo lerroak Berria.info gunetik hartutakoak dira. Bertan ikusi nahi baduzu:

http://paperekoa.berria.info/harian/2012-07-29/011/001/cafeko_garbitzaileek_akordioa_lortu_dute_hiru_hilabeteko_grebaren_ostean.htm

CAFeko garbitzaileek akordioa lortu dute, hiru hilabeteko grebaren ostean

 

Iazko uztailean hasi ziren lan baldintza hobeak eskatzen Beasaingo enpresan lan egiten duten 58 garbitzaileak

Soldatetan igoerak eta lan erreformaren aurka «blindatzea» hitzartu dituzte

MAITE ALUSTIZA

CAFen lan egiten duten hainbat garbitzaile kanpatuta, ekainaren 28an, Beasainen, enpresaren atarian. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Iritsi da akordioa. 108 egunen ostean heldu zaie Beasaingo (Gipuzkoa) CAF enpresako garbitzaileei batzuetan itxaropenez eta besteetan etsita bilatzen zuten irtenbidea. Hiru hilabete pasatxoko borroka iritsi da amaierara. Lan batzordeak —ELA sindikatuaren gehiengoarekin— akordioa erdietsi du enpresarekin, sindikatuak berak atzo jakinarazi zuenez. Horren bitartez, «lan baldintzak hobetzea eta lan erreformaren aurka blindatzea» lortu dute. Guztira, 58 garbitzailek egiten dute lan CAFen; 1ne Servicios Industrialeseko langileak dira.

ELAk ohar bidez adierazi du akordioaren bitartez soldatetan 200 euroko igoerak aurreikusten dituztela hilean, eta bestelako hainbat arlotan ere baldintzak hobetuko direla; soldata gehigarrietan eta kontziliazio neurrietan, esaterako. Hitzarmenak ultraaktibitatearen gaia ere jasotzen du, «lan erreformak biltzen duena hobetuz». Ultraaktibitateak esan nahi du lan hitzarmen bat amaitzen denean indarrean jarraituko duela beste bat hitzartu arte. Espainiako Gobernuak hori mugatu egin du lan erreformarekin, eta horren arabera, hitzarmen bat epez igaro eta hurrengo bi urteetan berritu ezean, ezin da gehiago aplikatu eta hutsetik negoziatu behar da. Horrekin batera, soldata eta lanorduen inguruko akordioak ez aldatzea zehazten da hitzarmenean. «Malgutasuna» ere aipatzen da, betiere neurria langileekin hitzartzen bada.
2009tik, «izoztuta»

Grebak iraun duen denbora tartea «bereziki gogorra» izan dela iritzi dio ELAk, enpresak «zailtasunak» jarri dituelako. Gainera, «borroka» utzi dutenei kritika egiteko baliatu du aukera. Ekainaren 20an LABek iragarri zuen greba uzten zuela. Zuzendaritzak aurkeztutako proposamen bati oniritzia eman zion sindikatuak, eta ezarritako helburuak «beteak» zituztela eta, bertan behera utzi zituzten protestak. Baina, ELAren arabera, bi sindikatuek elkarrekin zehaztutako helburuak ez ziren betetzen zuzendaritzaren testu horretan. Hala ere, ELAk azpimarratu du langileen batasunari esker lortu dutela hitzarmena, eta uste du erreferentzia izango dela beste askorentzat.

Langileek lan baldintzak hobetzea eskatzen zuten, 2009tik hitzarmena «izoztuta» zutelako. Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileen ituna ezartzen zitzaien, eta horren ordez, CAFeko langileak izanda, metalgintzako kategoria baxuenekoa nahi zuten. Horrela, CAFek kontratatuta, soldata hobeak izango lituzkete. Iazko uztailean hasi ziren sindikatuak zuzendaritzarekin negoziatzen. Elkarrizketak «bide onetik» zihoazela azaldu zion BERRIAri Ana Alkorta ELAko ordezkariak, baina Espainiak lan erreforma onartu ostean, otsailean, «guztia hautsi zen». Negoziazioek huts egin ondoren hasi ziren langileak protestekin. Lehenik zortzi egun eman zituzten greban martxoan, eta apirilean greba mugagabeari ekin zioten. Manifestazioak, enpresaren aurrean kanpaldiak eta beste egin dituzte, euren eskubideak aldarrikatzeko. Apirilean bertan, 1ne Servicios Industrialesek CAF uztea erabaki zuen, eta ondorioz, 58 garbitzaileak hiru enpresatan banatu zituzten: Eulenen, UTE Garbiketan eta UNI2en.

Salaketa CAFi

CAFek auzian izan duen jokaera salatu dute langileek; haien ustetan, greba etengabe oztopatzen saiatu da. Gainera, jakinarazi dute haiek greban zeuden bitartean CAFek garbiketarako beste enpresa bat kontratatu zuela. Lan ikuskaritzak arrazoia eman die: «Arau-hauste oso larria».

CAFeko garbitzaile Mariak 22 urte daramatza enpresan, eta azkenaldian zuzendaritzak izan duen jarrera gaitzetsi du: «Lehen beti zegoen prest laguntzeko, egutegiei edo hitzarmenari dagokienez. Indartsuak izan behar dugu». Beatrizek etorkizunera begiratzen du: «Borrokan jarraituko dut alabak nirea baino etorkizun hobea izan dezan». Egunez egun euren gorabeheren berri eman dute langileek Internet bitartez (cafgarbiketagreban.wordpress.com/).