Posts tagged ‘Berria’

julio 19, 2012

LANA

Iturria: Idurre eskisabelen iritzi artikulua Berria egunkarian.  (Berria.info 2012/07/15)

Lana

IDURRE ESKISABEL

Hego euskal herritarren eremuan meatzariak izan dira heroi azken egunetan, baita apolitizismoaren eta fidakaizkeriaren eskuinaldeko zelaietan militatzen duten askorentzat ere. Eguneroko betebeharrek eta eguneroko bizibeharrak lurperatutako duintasuna haiekin batera ikusi dugu azalera etortzen. Beltz sentitu gara haien aurpegi beltzetan, eta haien kopetako argiek argitu digute jarraitu beharreko noranzkoa. Inoiz baino mingarriagoa egin zaigu Poliziaren erasoa.

Izan ere, lanak epikarik badu, meatzariak dira haren jabe: gizona —berariaz diot, ez naiz erratu— natura menderakaitzarekin buruz buru, larruz larru, elkar zukutzen. Nork nor jango, horra hor borroka. Eta, halaber, gizona gizonaren kontra, lur gainekoak lurpekoak zukutu nahian. Beste borroka. Horregatik, zerbitzuko lanean aritu garen guztiok sentitu dugu inoiz geure burua meatzari: sinetsi dugu eguneroko errutinak, eguneroko zapalkuntza txikiak, izango duela, besterik ezean, duintasunaren saria. Uste dut meatzari horiek etxera esku-hutsik itzultzen badira ere beren buruaz jabetuta bueltatuko direla. Irudipena dut, ordea, greba luzean diren CAFeko garbitzaileentzat —ai, askorentzat lan izenik merezi ez duten emakume zeregin horiek— oso bestelakoa dela bizipena.

Artikulua Berrian: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-07-15/004/003/ume_kontuak.htm